XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arri eder bat jarri degu beraren jayotetxe onetan.

Oroikarritzat labur-laburtxo, bear bezela, ezarritako itzetan iru berri ageri dira: Aramayoarra ta musikalari bikaina ta elizgizon bioztsua zala.

Belarrietan durundika degun Te Deum eder ori aski dala uste det nolako musikalaria zan jakiteko.

Oroitarriko beste bi berriok azaltzea izan bite nere saila.

Il zan arte askok uste zuten Lekeitioko semea zala, noski an bera ta, batez ere, beraren aiderik urkoenak luzaro bizi izan diralako.

Berak, ordea, beraren izkeran, izakeran eta biozketa guztietan argiro agertzen zuen beraren jatorria.

Musikaz irabazitako lenbiziko dirua Aramayoko gaixotegirako bidali zuen.

Meza-soineko ederrak ugari, kaliza, Misala ta eskuartetxoren bat ere onerakoxe utzi ditu.

Itsasaldeko uritxo maitagarri artan bizi zala, udako oporregunetan beinzat, iluntzero alkarrekin izaten ginan: Elizan lenengo, itsasgain-gainean gero; eta egurats (aize) lodiz birikak sendatzen genituen bitartean, alkar, igarri gabe bezela, egunean baino egunean obekixeago ezagutu ta samurrago maitatzen bizi ginan.

Orduan zan neri emengo berri ematea; emengo organularia aurpegiz ta biotzez nor zan adieraztea.

Orduan ikasi nituen emengo auzotegitxoen izenak: Gantzaga ta Barajuen, Arexola ta Etxaguen Azkoaga, mendiz beste aldeko Olaeta ta gainerakoak.

Nere lenbiziko apaiz-urtean, lau-bost adiskidek Bilbon albistaritxo bat sortu genduen, La Abeja izentzat zuena.

Silberio Etxebarria apaiz gartsua, Durangoko zaldun Antonio Arginzoniz, Abandoko seme Arana-Goiri'tar Sabin, besteren bat eta nerau ginan Erle igarokor arri loretxo bat edo beste eskintzekoak.

Albistari arretxen egapean erakutsi zituen lenbiziko aldiz Arana-Goirik Bizkaiko gertaera zar batzuek: Gordexola, Mungia, Padura ta Otzandioko esetsiak.

Nik irakurgaitxo alai bat, Peru Matraka ta Pedranton izentzat zuena, asi nuen.

Nere buruko ume ayek ementxe, zeron artean, Aramayon bizi izan ziran.

Lantxo ura nere adiskide Bizentek irakurri zuenean, sadurpeko bizarra eskerraz leguntzen zuenartean, itz auek esan zizkidan: baina, mutil, au eztek Aramayo.

Urte batzuek geroago, bera apaiz zalarik, arako euskal-jayetan, d'Abbadie jakintsuaren izenean nik, nere erria ere alde bat utzita, onera ekarrarazi nituen jai eder ayetan; larunbat-arratsaldez elizalde onetara eldu nintzanean, kalean sartuta, mendiak nik uste baino aundiago, ibarra medarrago, ezkerrean iruditu nituen auzotegiak eskubi-aldean ta gorengo-tzat neduzkanak kaletik urbil ikusi nituenean; nere adiskide Aramayoarra etorri zitzaidan burura: eta nerekiko esan nuen: Aramayo ura, Peru Matrakaren Aramayo, ezukan Aramayo; Aramayo egiazkoa au dek .